XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bederatzi pasarte edo zatitan partitutako narrazio honen funtzioa beste hamaika ipuinei lotura ematea da.

Narrazio nagusi honek aitzakia eta testuinguru bakar gisa jokatzen du, bere baitan beste hamaika ipuinak bateratuz.

Hots, testuinguru emailetzat jokatzen duen narrazio nagusian, pertsonaiek edozein parada hartzen dute ekintza geratu eta ipuin bat kontatzeko.

Narrazio nagusi hau, beraz, ipuinak kontatzeko narrazio-aitzakia edo narrazio testuinguru-emailea bihurtzen da.

Eredu narratzaile hau, testuinguru-emailea esango dioguna, modernitatea baino lehenago Erdi Aroan hedatzen diren istorio kontakizunetatik gertuago dago.

1001 gauak edo Boccaccio-ren Decameron-a lirateke erreferentziarik garbienak.

Izan ere liburuok, narrazio bat aitzakiatzat hartuz, bertan barneratzen baitituzte beste narrazio guztiak.

Hots, narrazio bat aitzakia gisa antolatzen da, bertako pertsonaiak beste narrazio batzutako narratzaile bihur daitezen.

Hala 1001 gau-etako narrazio nagusian, Shahryar erregearen eta Shahrazad dontzeilaren istorioa kontatzen zaigu: heriotzari ekiditearren Shahrazadek istorioak kontatzen dizkio Shahryar erregeari.

Beraz, lehen narrazio honek narratzaile bat (Shahrazad) eta entzule bi (erregea eta Shahrazaden ahizpa Dunyazard) eskaintzen dizkigu, testu barnean eratzen den aitzakiazko egoera komunikakor horretan nahi adina istorio konta daitezen.

Oro bat Decameron-ean: Izurritetik ihes egin nahirik hamar gazte florentziar batzen dira hiritik kanpo dagoen egoitza batean, hamar egunez egunero bakoitzak istorio bat konta dezan.

Egiturak bi kasuetan matematikoak dira: 1000 edo 100 istorio kontatu nahi dira. (19) Jakina denez, 1001 gauak-en kasuan ez dira literalki 1001 gau/istorio. Dena den pentsamentu literarioa bai.

Hala, lehen testuon ezaugarri nagusietakoa zera da, barneko istorio guztien inkonexioa.

Ez da lotura beharrezkorik Shahrazadek kontatzen dizkigun Istorioen artean.

Lotura bakarra hasierako narrazioa dugu, Shahrazad, erregea eta ahizparena hain zuzen.

Orobat Decameron-ean.

Izan ere, istorio eta narrazio hauen helburu nagusia entretenigarri izatea da, ez errealista.